Archive for the Category »martxa ta borroka «
Zizurko Txosna Batzordearen oharra:
Pasa den ostegunean Zizurko udaletxean eginiko udal batzarrean Zizurko jaiak eztabaidagai izan ziren eta egitarau ofizialaren zein txosnen baimenak onartu edo ezeztatzeko unea izan zen. Osteguneko udalbatzarra bi faktorek baldintztau zuten bereziki:
1. Betidanik udal batzarreko puntu bakarra ziren jaiak zeinean egitarau ofiziala eta txosnen baimenak barnebiltzen ziren. Hau da, egitaraua zein txosnak pakete bakarra osatzen zuten eta zinegotziek pakete osoaren alde/kontra bozkatzen zuten. Aurten ordea NaBai-k erabaki du pakete hori bitan banatzea, eta hala,jaietako egitarau ofiziala eta txosnen baimenak modu independientean bozkatu ziren. Txosna Batzordearen iritziz hau oso prezedente okerra da, lehengo jaien pakete osoa hautsi eta hemendik aurrera udaletxeak antolatutako jai ofizialak eta jai herrikoi eta parte hartzaileak bultzatzen dituen txosna gunearen baimenak bereizi direlako. Bi jai-ereduak eztabaidagai ezberdin gisa kokatuz hemendik aurrera posible da batak aurrera egitea eta besteak ez, jaien aniztasun eta aberastasuna arriskuan jarriz, eta noski, herritarron parte hartzea eta txosna batzordea bezalako erabaki guneak kolokan jarriz.
2. 2008ko jaiak arte alderdi politiko guztiek jaien pakete osoaren alde bozkatu du, egitarau ofizialak zein txona guneak aurrera eginez. 2008an aldiz UPNk aurka bozkatu zuen eta erabaki hori justifikatzeko egitarau ofizialetik prozesio bat kendu zutela eta hainbat txosna ez zituztela begi onez ikusten argudiatu zuen. Hala ere gainerako alderdien aldkeo bozkarekin egitarau zein txosna guneak aurrera egin zuten. Aurten ordea PSN jokoan sartu da. Pasaden ikasturtetik aurrera kultur eragileen proposamen guztien aurrean PSN abstenitu egin da eta txosnen aferan ere hala egin zuen kultur patronatuan. Patronatuan ordea kultur eragileen ordezkarien bozkei esker txosna guneka aurrera egin zuen. Baina udalbatzarrean kultur eragileen ordezkariek ez dute bozkarik eta UPNren aurkako botoekin batera PSNren abstentzioak txosna gunea beimenik gabe geratzea ekarriko zuen.
Laburrean bada ere PSNren abstentzio joera hau azaltzea merezi du. Pasaden ikasturtean Juventudes Socialistas-ek udaletxean kultur eragile talde bezala inskribatu nahi izan zen baina Nafarroako gobernuan eragile politiko bezal ainskribatuta dagoenez udaletxeak eskakizuna ezeztatu zion. Horren aurrean PSNk kultur eragile bezala inskribatu ahal izateko irizpideak errebisatzeko eskatu zuen eta ordutik aurrera kultur eragileen proposamen guztien aurrean abstenitzeari ekin zion. Txosna Batzordetik gogor kritikatu nahi dugu jarrera hau, izan ere Juventudes Socialistas inskribatu ezin izatea Zizurko gainerako kultur eragileoi ordainarazi nahi digulako. Hau al da Zizurko kulturari egin nahi dion mesedea?
Egoera honen larritasunaren aurrean pasaden asteko udal batzarra baino egun batzuk lehenago Zizurko kultur eragileen ordezkariek PSNrekin bildu ziren. PSNri azaldu zioten txosna guneak jaiei egiten dien ekarpen baikorra, jaiak anitzago eta aberatsagoak bihurtuz, eta gainer apasaden urtean kexarik egon ez zela gogoratu zioten. Horrekin batera azaldu zioten kultur patronatuak onartutako baimen batzuen aurrean ez zutela ulertzen PSNren abstentzioa, herritarren erabakigune baten erabaki onetsi beharko lukeela ohartaraziz. Beraz haren abstentzioak Txosna gunea arriskuan jartzen zuela azpimarratuta best eurteetan egin duen bezala Txosna gunearen alde bozkatzeko eskatu zioten kultura eragileen ordezkariek. Bilera bukatuta PSNk bere bozka birplanteatuko zuela adierazi zien.
Egoera honetan iritsi ginen osteguneko udalbatzarrera, beldur eta merfidantza dosi handien artean bizi izan genuena. Hala ere PSNk bere jarrera hausnartu eta txosnen ald ebozkatu zuen azkenean, eta ondorioz, aurten ere Zizurko Txosna gunea bere horretan mantenduko da, hamarnaka jarduera eskainiz eta ehunka zizurtarren bilgune izanez.
Hala ere Txosna Batzordetik ez dugu ahaztu nahi egoera honek datozen urteetan suposatzen duen arriskua, hemendik aurrera jaien egitarau ofiziala eta txosna gunearen baimena bereizita onartzeak arrisku handia suposatzen duelako, hare gehiago ikusita Iruñerrian jai herrikoiek bizi duten egoera latza. Adibideak sobera dira: Gora Iruñearen karpa, Barañaingo jaiak, sanferminetako zein auzoetako jaietako txosnak… Beraz aurrerantzean ere jai herrikoi eta parte hartzaileen alde lan egiteko asmo irmoa adierazi nahi dugu, eskubidea baitugu gure jaiak nolakoak diren erabakitzeko eta horrela izan delako azken hamarkada luzeetan. Eta udal oztopoen gainetik ere hala izaten jarraituko du.
JAIAK HERRITIK ETA HERRIARENTZAT!
7Katu, Bilboko Zazpi Kaleetako gaztetxeak egitarau oparoa prestatu du Aste Nagusiaz gozatu ahal izateko. Okupazio mugimenduak ere baduelako bere txokoa Bilbon!
A-15 Larunbata: Antifaxista eguna
14:00 Bazkari herrikoia 7katun + propaganda lasterketa
17:00 konpartsen bajada Begoñatik.
18:00 Txupina Arriagan
21:00 Kontzertuak: krimen y kastigo + Jan+ Ultima neurona.
A-16 Igandea: Euskararen eguna
18:00 koblakari ikuskizuna.
20:00 Bertso saioa+ auskararen aldeko zozketa.
A-17 Astelehena: Gazte asanbladaren eguna
13:00 Auzorako jai herrikoien aldeko txupina etxebarrietan+ kalejira musikatua.
15:00 Bazkari herrikoia gaztetxean.
18:00 Goitiberak: apuntatu gaztetxean!
21:00 kontzertuak: Many Lion+ Reguilon+ Norte apatxe.
A-18 Asteartea: Gazte eguna.
Egunean zehar… gazte mugimenduaren inguruko bideo eta pegata erakusketa gaztetxean.
A-19 Asteazkena: Bilboko okupazio mugimenduaren eguna.
12:00 Onda txapelketa Areatzan.
14:00 Bazkari herrikoia kaskagorrin
17:00 auzoen arteko olinpiadak.
19:00 kalea okupatu!klejira
22:00 kontzertuak: Early reflection + kontzertu sorpresak
A-20 Osteguna: Emakumeen eguna
18:00 kalea geurea da murala auzotik.
20:00 Merienda kantautoreekin: Petaluda en elm street + Mikaela piton
A-21 Ostirala: Preso eta iheslarien aldeko eguna
14:00 Bazkaria Areatzan.
18:00 Sabin Etxean mobilizazioa.
19:30 Gazte topaketen inguruko luntxa eta kalejira gaztetxetik.
A-22 Larunbata: AHTrik Ez! eguna
14:00 Bilboko konpartsa guztien bazkaria Areatzan+ herri kirolak
19:00 AHT gelditzera goaz prozesioa gaztetxetik.
21:00 kontzertuak: Naste borraste + Garagardo Gura
A-23 Igandea: kontrol sozialik ez! eguna
21:00 kontrol sozialaren kontrako kalejira.
23:00 Glotoiari sua!
Donostiako jai herrikoi eta parte hartzaileak helburu zazpigarren urte da piratek abordaia antolatu dutena eta ehunka gaztek eta ez hain gaztek parte hartu dute aurtengoan, “inoiz baino jend egehiago” antolatzaileen arabera. Jai herrikoien aldeko pregoiarekin batera hasi zen abordaia eta hainbat orduz luzatu ostean Txortains taldearekin jarraipena eman zioten Alde Zaharrean.

“Gazte zein heldu, elkarrekin abant!” lelopean, ehunka izan ziren atzo Donostiako uretara bota ziren piratak. Egun guztia baltsak prestatzen igaro zuten pirata askok, baina 17:00etan, ospakizuna lehertu egin zen. Aratz Trecet festetako arduradunak jai herrikoi eta parte-hartzaileen aldeko pregoia irakurri eta txupina jaurti zuen. Abordatzera!
Txupinak Donostiako zeruan eztanda egin zuenerako, pirata guztiak beren baltsetan zeuden, ez zegoen gehiago itxaron beharrik, abordatzeari ekiteko garaia zen, arraunei eragin eta txalupa portutik ateratzeko ordua iritsi zen. Donostiako kaia jendez gainezka zegoen; Kontxako pasealekuan ere ez zegoen itsasora begiratzeko zirrikiturik. Baina txupinarekin batera iritsi ziren pirata askorentzat arazoak. Petardoak lehertu eta berehala ondoratu ziren lehenengo txalupak, portutik ateratzeko aukerarik gabe, asko ziren puzgarriei helduta ur gainean mantentzen saiatzen zirenak ere, bakar batzuk ere baziren beren txalupa galdu zutenak. Baina txaluparik gabe geldituz gero, gauza bakarra egin daiteke: ondokoa abordatu. Horrela, Kontxako badia zeharkatzeari ekin zioten ehunka gaztek.
Egun luzea izan zuten piratek. Lehenengo piratak 08:00etan iritsi ziren kaiara, eta mailu kolpeen artean, beren baltsak prestatzeari ekin zioten. Aurten inoiz baino jende geihagok hartu du parte, 300 baltsatik gora eman zuten izena, eta, horregatik, prestaketak txandaka egin behar izan zituzten.
Goizeko lanak bukatuta, Pasealeku Berrian antolaturiko herri bazkarian berritu zituzten indarrak. Horregatik, arroza eta sagardoa izan zen menuaren oinarria. Han mila lagunetik gora elkartu ziren, arratsaldeko abordatzearen esperoan. Arratsalderako piratek zuten beldur nagusia eguraldia zen. Goizean euria egin zuen Donostian, baina lainoek mehatsu egin arren, ateri eutsi zion. Ekimenarekin leial, pregoia irakurri eta txupinarekin bat itsasoratu ziren piratak.
Musikak alaitutako bide luzea
Kontxarako bidea luze eta neketsua izaten da, eta antolakuntzak badaki hori. Horregatik, aurten ere The Txortains taldearen laguntza izan zuten piratek, kaia eta Kontxa lotzen duen bide luzea egiteko. Musika talde donostiarrak urtero egiten duen moduan, beren musika tresnak hartu, txalupa batera igo eta horren gainean kantan eta dantzan girotu zuen bidea. Atera eta ordubete geroago iritsi ziren Kontxara lehenengo txalupak, uretatik atera, baltsak lepoan hartu eta aldapan gora igo zituzten, gero zakarretara botatzeko.
Baina abordatzea ez zen hor bukatu. Kontxara iristean, The Txortains taldea ere txalupatik jaitsi eta Parte Zaharrera kalejiran eraman zituzten piratak.
Aurten inoiz baino arrakastatsuagoa izan zen abordatzea. Urtez urte hazten ari da jaia, eta hurrengo urtean jende gehiagok parte hartzeaa espero dute antolatzaileek. Zazpi urte atzera, abordatzea lehenengo aldiz egin zutenean, zaila zen sinestea urte gutxiren buruan 300 baltsatik gora hartuko zutela parte. Aurtengo abordatzea bukatu da, baina jada pirata asko daude hurrengo urtean Donostia abordatzeko prest.
Herri bakoitzak baditu bere berezitasunak, eta hala agertzen dira bestetan ere. Hala ere, nabarmentzekoa da hortan Etxarri Aranazko kasua; bertan, behin bestak amaituta, “Inutilan Egune” antolatzen dute gazteek, garai batean militarren ejertzitora joateko gai ez zirela eta soldaduxka egin gabe gelditzen zirenen omenez. Izan ere, horiek ziren soldaduxka egitetik libratzen ziren bakarrak, bertze lekuetara joaten zirenak -Ameriketara gehienetan- kontutan hartu gabe, eta etxarriarrek omenaldia zor zaiela erabakita, duela hogei bat urtetik hona antolatzen dute egun xelebre hau. Soldaduxka edo ez, Inutilan Egune indar armatuen gaineko parodia ederra bihurtzen da, eta atzokoan ere ikuskizun berezia sortu zuten Etxarri Aranazko karriketan. Zirrara sortzen zuen herria Guardia Zibilez edo militarrez jantzitako gazteek “okupaturik” ikusteak, ikur espainolak eta militarrak nagusi zirelarik. “Patrol” ibilgailu haundietan nahiz motoziklo ttikietan, harat honat ibili ziren, foruzainena egiten zuten gorriz jantzitako gazteekin elkarturik. Plastikozko eskopetak eta petardoak eskuetan, hiru puntatako Guardia Zibilen txapela buruan, iskanbila haundia sortu zen bazkalondoan egin zuten kalejiran. Foruzainen presentzia ere nabarmena zen: “UPNren txakurrak” zirela azaltzen zen Nafarroako Gobernuaren zeinuak zituzten Land Rover zaharrean eta Ford Fiesta zaharrean. Ongi landuta zeuden ibilgailuak, polizia indar horrek erabiltzen dituenak irudikatuz. Hori bai, egiazkoen aldean ezberdintasuna nabarmena zen: Besta giroan, “Jaiak” txarangarekin dantzan eta ibilgailuen atzealdeak edari freskagarriz beterik, parranda betean ibili ziren gazte etxarriarrak. Horien atzetik herriko haurrak nahiz zenbait heldu ere ibili ziren kalejiran, eta igarotzen ziren etxeetan ikusmira sortu zuten bizilagunen artean.

Herria lasai-lasai zegoen atzokoan, behin bestak amaitutzat emanda, baina gazteak iragaten ziren karriketan ez zen lasaitasunik. Ohi bezala goizean egin zen pregoi irakurketarekin hasi zen “Inutilan Eguna”. Gosaltzera bildu ziren ondotik, eta ibilgailuetan harat hona ikusi ahal ziren arren, eguerdira arte ez ziren herriko plazan bildu. Une hortan foruzain itxurako txorimaloekin “apaindu” ziren plazako zuhaitzak, zinez ikuskizun xelebrea sortuz. Plaza gisa hortan utzita bazkaltzera joan ziren gazteak, eta bazkalondoan txarangarekin atera ziren berriz ere plazara, oraindik dantzarako gogoak erakutsiz, gazteentzat bestak ez baitziren ostegunean amaitu. Kalejiran atera ziren ondotik, zalaparta haundian, eta bitartean kioskoan kontzertua prestatzen zeuden teknikariak ikusita, bestak gauean ere luzatzeko itxura zuen.
(nafarroan.com)
Lizarrako Garean euskal elkarteak bestetan egunero-egunero antolatu ditu saio ezberdinak Santiago Plazan. Arratsaldetan izan dira, bigantxek Alde Zaharra gurutzatu baino lehenxeago, eta gaurkoan, sokatira antolatuta zegoen. Hitzordua baino pixkat lehenago ekaitza hasi da eta izugarrizko euri erauntsia bota du Lizarran; Santiago Plaza gurutzatzear zen fanfarrea hasi eta berehala ixildu da, aterpea bila lasterka atera baitira musikariak eta plaza hortan dagoen Lizarra Ikastolako txosnan ere larri gorde dira euripetik bertan tragoa hartzen edo pintxoren bat jaten zeuden bestazaleak. Plazako eskina batean, arkupeetan, prestatu da gaurko “Jai Alai” saioa. Bozgorailuetatik trikiti doinuak ozen hasi dira entzuten, bertatik pasatzen zirenak dantzan jarri dituelarik, eta horrela iragarri da hastear zen saioa. Aurten “Jai Alai”rako espreski prestatu dute doinu bat, eta horrek iragarri ditu egunero saioaren hasierak eta amaierak. Iñigo Osinaga izan da konposatzailea eta ekoizlea, eta Aitor Irazustabarrenak egin du bertsoa, Amaia del Campok eman dio trikiti doinua eta Rodrigo aritu da txalapartari.
Saioa plazan egin ohi duten arren, soka arkupeetan luzatu dute gaur, eta antolatzaileek baieztatu duten moduan, “euria ez da eragozpena izan” antolatutakoa burutzeko. Haurrak eta helduak, elkarrekin aritu dira soka-tiran, eta ondotik lehia ezberdinduak egin dira; ttikienak saio batzuetan eta helduak bertzeetan. Bigantxak ikusteko jendea taulen atzean biltzen hasia zenean eman zaio amaiera soka-tira saioari, eta aurtengoz bukatutzat eman da Lizarrako bestetako “Jai Alaia”.
Aipatu bezala, egunero antolatu dituzte hainbat ikuskizun eta joko. Joan den ostegunean, uztailaren 30ean, hasi ziren, aldi hartan Foru Plazan egin zelarik “Jai Alai”. Asier Lafuentek eta Luisfer Etxeberriak osatutako “Kulki” taldeak Arrantzaleen Jolasak antolatu zituzten Lizarran, euren jarduera tradiziozko lanbideei lotutako jolasak plazaratzea baita. Larunbatean, “Lizarra Kantuz” burutu zen Alde Zaharreko karriketan barna, eguerdian. Arratsaldean berriz, Laia lasterketa ikusgarria egin zuten Santiago Plazan; baratzetako lurretan ez, baina plazako harrizko zoruan lehiatu behar izan zuten parte-hartzaileek! Igandean, dantzatzeko aukera eskaini zen “Jai Alaiekin”: Jauziak deituriko dantzak burutu ziren, nahi zuen guztiak parte-hartu ahal izan zuelarik. Astelehenean jokoari egin zitzaion lekua, “karba eta toka” jolasekin. Lehenengoan harri kozkorrekin eman behar zitzaion aitzinean jarritako burnizko zutabeari, eta bigarrenean berriz, burnizko xafla batekin. Atzo ere, asteartean, jokoan segitu zuen, hain ezaguna den “arraultze jokoarekin”, hain zuzen ere: Trebeenek xuxen-xuxen eraman zuten arraultzea hortzekin estututako koilaran.
Garean elkarteak bezala, Ikastolak ere ekarpen haundia egiten du bestetan ere euskaraz gozatu ahal izateko. Goizetan salda eskaintzeaz gainera, egunean zehar jan-edanak banatzen dira Santiago Plazako txosnan, eta mahaiak ere jartzen dira bertan otorduak egiteko. Gaurkoan ere, euri zaparradak dena hondatuko zuela ematen zuen arren, bueltaka-bueltaka ari ziren erretzen afaritarako oilaskoak, eta iluntzean mahaiak prestatzen ari ziren. Afalondoa animatzeko, gaurkoan Modesto “orkestra gizona” gonbidatua zuten Ikastolakoek.
Emakumeak ere, kalera bestaz gozatzera!
Ilunabarrean San Andres peñaren egoitzatik kalejira berezia atera da Lizarran: Nesken fanfarreak jarri du musika, eta haren atzetik adin ezberdinetako emakumeak abiatu dira Alde Zaharreko karriketara. “Berdintasunaren aldeko” kalejira izan, bestetan ere emakumeek berdintasunean gozatzeko eskubidea aldarrikatuz. Izan ere, etxeko-lanak, zaintzak eta aisialdia gizonek eta emakumeek modu berean elkarbanatzeko beharra mahai gaineratzen da herriko jaiak bezalako ospakizunetan, eta hori ikustarazi dute gaur Lizarrako emakumeek. Udaletxearen aitzinetik pasatuz Foruen Plazaraino joan da kalejira, eta handik Nabarreria aldera jo du, aldapan gora La Bota peñaren egoitzan amaitzeko. Lizarran ikusten ohituak gauden bi peñen fanfarreetatik ezberdin, neska gazteak eta emakumeak izan dira kalejira honen protagonistak.
Gazte bat atxilotua
Atzo, asteartea, gazteek euren eguna ospatu zuten Lizarran, baina arratsaldean besta zapuztua ikusi zuten, poliziaren interbentzioa eman zenean. Istiluak sortu zituzten poliziek, eta azkenean gazte bat atxilotuta eraman zuten. Gaur oraindik polizien esku segitzen zuen gazteak. Lizarrako karrikak atxiloketaren berri ematen zuten kartelez josiak zeuden, eta horietan “Alde Hemendik!” aldarrikatzen zen, polizia-indarrekiko gaitzespena agertuz.
Atzokoan gazte mugimenduaren 30. urteurrena ospatzen ari ziren gazteak. Batukada batek lagunduta kalejiran zebiltzala eten omen zuten poliziek besta-giroa. Pankarta bat zeraman gazte bat atxilotzen saiatu omen ziren, baina herritarrak tartean sartu zirenean alde egin ahal izan zuen honek. Aldiz, une batzuk beranduago bertze gazte bat eraman zuten poliziek, nahiz eta kalejiran parte-hartu zuen ere ez zegoen argi. Lizarran salatu zutenez, “norbait eraman beharrez” atxilotu zuten gazte hau.
Joan den igandean txupinazoa bota zenetik hirugarren besta eguna zuten gaur Beran, eta gazteek, azken urteetan ohi duten moduan, Kaxerna gaztetxean bazkaria egin dute. Bazkari hau animatzeko gonbidatuak izan ohi dira Silveira eta Ministro bertsolariak, baina gaurkoan erronka bereziari aurre egin behar izan diote bi artistek, herrikoa den Julen Zelaieta eta txapeldunorde den Julio Sotoren kontrako “desafioa” prestatua baitzegoen.
14.00ak ongi joak zirenean jarri dira mahaian bazkarian parte-hartu duten 120 lagunak. Eguzkiak gogotik jotzen zuen gaurkoan Beran, eta asko eskertu da Kaxerna gaztetxearen atarian dagoen zuhaiztiak ematen zuen itzala. Beroari aurre egin zaio, bertzalde, jan eta edanarekin ere. Bazkaldu eta laster hasi da bertsolarien saioa. Silveira eta Ministro bazkari hontan aski ezagunak direla iritziz, Zelaieta eta Soto hasi dira. Elkarrekin bertze bikotearen kontra aritzekoak baziren ere, Sotok laster ekin dio Zelaieta zirikatzeari, “Silveira eta Ministrori adarra jotzea baino errazago” ikusten baitzuen hori, berak bertsotan aitortu duenez. Aipaturiko bikotea ere altxatu da mahaitik lehenengo saio horren ondotik, eta Zelaieta izan da, hasieran, bertsoen jo-puntua.
Saioa luze joan da hala ere, eta denetik izan dute hizpide bertsolariek. Hala nola, Ministrok aitzinean zuen Berako gaztetxeari begira “piiiixkanaka-piiiiixkanaka baina aurrera doala” aitortu du, mahaian bazkaritan “beti bezala dagoela eta bertan iaztik ez dela ezer egin” esatean Berako gazteek oldarkor erantzun eta gero. Izan ere, Kaxerna eraikinaren alde bat utzi zitzaienetik, gazteak poliki-poliki joan dira, euren eskuekin, euren gaztetxea dena moldatzen. Silveirak ere ederrak bota ditu Kaxernaren inguruan, eraikin militarra izan zela oroituz.
Desafioa izaki, eta gainera lesakar bat eta beratar bat aurrez aurre izanik, bi herrietako bertsolaritzaren arteko “lehia” umore gaia izan da. Julen Zelaietaren aginduetara Berako Bertso Eskola astelehen arratsaldeetan izatea egotzi diote txapeldun ohiari, gisa hortan ez dela bertsolari onik aterako baieztatu dutelarik Silveira eta Ministrok. Hala ere, bertako ikasleak animatu dira eta gaurko bazkarian mikrofonoa hartu eta hainbat bertso osatu dituzte punttuka.
Lagunarteko eta etxeko giroa nagusitu da gaztetxeko bazkarian. Beroari aurre eginez eztarria bustitzen joan diren ahala geroz eta “perla” haundiagoak bota dituzte bertsolariek, bazkaritan zeudenei irri ederrak aterarazi dizkietelarik, eta eurek ere sarri lehertu dira irriz. Bertso zaletasuna nabaria zen gaur Beran, eta arratsalde osoa bertso kantari eman ondotik, ilunabarrean herrian segitzekoak ziren. Trikitilariak iritsi dira Kaxerna gaztetxera herrirako bidea laguntzeko. Aldi batez bertsolariekin batean aritu dira trikitilari gazteak, “Egun da Santimamiña” doinu ezagunarekin bazkaltzen zeudenek ere kantuz lagundu dituztelarik koplak. Behin azken agurreko bertsoak egin ondotik, herrira aldatu da besta. Kartzelan zendu zen Kotto beratarrarentzat izan dira bertsolarien azken hitzak eta entzulegoaren txalorik indartsuenak.





