Archive for the Category »Errepresioa «
Zizurko Txosna Batzordearen oharra:
Pasa den ostegunean Zizurko udaletxean eginiko udal batzarrean Zizurko jaiak eztabaidagai izan ziren eta egitarau ofizialaren zein txosnen baimenak onartu edo ezeztatzeko unea izan zen. Osteguneko udalbatzarra bi faktorek baldintztau zuten bereziki:
1. Betidanik udal batzarreko puntu bakarra ziren jaiak zeinean egitarau ofiziala eta txosnen baimenak barnebiltzen ziren. Hau da, egitaraua zein txosnak pakete bakarra osatzen zuten eta zinegotziek pakete osoaren alde/kontra bozkatzen zuten. Aurten ordea NaBai-k erabaki du pakete hori bitan banatzea, eta hala,jaietako egitarau ofiziala eta txosnen baimenak modu independientean bozkatu ziren. Txosna Batzordearen iritziz hau oso prezedente okerra da, lehengo jaien pakete osoa hautsi eta hemendik aurrera udaletxeak antolatutako jai ofizialak eta jai herrikoi eta parte hartzaileak bultzatzen dituen txosna gunearen baimenak bereizi direlako. Bi jai-ereduak eztabaidagai ezberdin gisa kokatuz hemendik aurrera posible da batak aurrera egitea eta besteak ez, jaien aniztasun eta aberastasuna arriskuan jarriz, eta noski, herritarron parte hartzea eta txosna batzordea bezalako erabaki guneak kolokan jarriz.
2. 2008ko jaiak arte alderdi politiko guztiek jaien pakete osoaren alde bozkatu du, egitarau ofizialak zein txona guneak aurrera eginez. 2008an aldiz UPNk aurka bozkatu zuen eta erabaki hori justifikatzeko egitarau ofizialetik prozesio bat kendu zutela eta hainbat txosna ez zituztela begi onez ikusten argudiatu zuen. Hala ere gainerako alderdien aldkeo bozkarekin egitarau zein txosna guneak aurrera egin zuten. Aurten ordea PSN jokoan sartu da. Pasaden ikasturtetik aurrera kultur eragileen proposamen guztien aurrean PSN abstenitu egin da eta txosnen aferan ere hala egin zuen kultur patronatuan. Patronatuan ordea kultur eragileen ordezkarien bozkei esker txosna guneka aurrera egin zuen. Baina udalbatzarrean kultur eragileen ordezkariek ez dute bozkarik eta UPNren aurkako botoekin batera PSNren abstentzioak txosna gunea beimenik gabe geratzea ekarriko zuen.
Laburrean bada ere PSNren abstentzio joera hau azaltzea merezi du. Pasaden ikasturtean Juventudes Socialistas-ek udaletxean kultur eragile talde bezala inskribatu nahi izan zen baina Nafarroako gobernuan eragile politiko bezal ainskribatuta dagoenez udaletxeak eskakizuna ezeztatu zion. Horren aurrean PSNk kultur eragile bezala inskribatu ahal izateko irizpideak errebisatzeko eskatu zuen eta ordutik aurrera kultur eragileen proposamen guztien aurrean abstenitzeari ekin zion. Txosna Batzordetik gogor kritikatu nahi dugu jarrera hau, izan ere Juventudes Socialistas inskribatu ezin izatea Zizurko gainerako kultur eragileoi ordainarazi nahi digulako. Hau al da Zizurko kulturari egin nahi dion mesedea?
Egoera honen larritasunaren aurrean pasaden asteko udal batzarra baino egun batzuk lehenago Zizurko kultur eragileen ordezkariek PSNrekin bildu ziren. PSNri azaldu zioten txosna guneak jaiei egiten dien ekarpen baikorra, jaiak anitzago eta aberatsagoak bihurtuz, eta gainer apasaden urtean kexarik egon ez zela gogoratu zioten. Horrekin batera azaldu zioten kultur patronatuak onartutako baimen batzuen aurrean ez zutela ulertzen PSNren abstentzioa, herritarren erabakigune baten erabaki onetsi beharko lukeela ohartaraziz. Beraz haren abstentzioak Txosna gunea arriskuan jartzen zuela azpimarratuta best eurteetan egin duen bezala Txosna gunearen alde bozkatzeko eskatu zioten kultura eragileen ordezkariek. Bilera bukatuta PSNk bere bozka birplanteatuko zuela adierazi zien.
Egoera honetan iritsi ginen osteguneko udalbatzarrera, beldur eta merfidantza dosi handien artean bizi izan genuena. Hala ere PSNk bere jarrera hausnartu eta txosnen ald ebozkatu zuen azkenean, eta ondorioz, aurten ere Zizurko Txosna gunea bere horretan mantenduko da, hamarnaka jarduera eskainiz eta ehunka zizurtarren bilgune izanez.
Hala ere Txosna Batzordetik ez dugu ahaztu nahi egoera honek datozen urteetan suposatzen duen arriskua, hemendik aurrera jaien egitarau ofiziala eta txosna gunearen baimena bereizita onartzeak arrisku handia suposatzen duelako, hare gehiago ikusita Iruñerrian jai herrikoiek bizi duten egoera latza. Adibideak sobera dira: Gora Iruñearen karpa, Barañaingo jaiak, sanferminetako zein auzoetako jaietako txosnak… Beraz aurrerantzean ere jai herrikoi eta parte hartzaileen alde lan egiteko asmo irmoa adierazi nahi dugu, eskubidea baitugu gure jaiak nolakoak diren erabakitzeko eta horrela izan delako azken hamarkada luzeetan. Eta udal oztopoen gainetik ere hala izaten jarraituko du.
JAIAK HERRITIK ETA HERRIARENTZAT!
http://utzigernikabakean.wordpress.com/
Urtero bezala, San Roke egunean, presoen eskubideen aldeko kalejira iragarrita zegoen, baina, Audientzia Nazionalaren debekua jaso eta gero, bertan behera geratu zen deialdia.
Haren ordez, triki poteo bat egiteko ideia sortu zen, herriko tabernetan elkartasuna eta alaitasuna elkartzeko asmoz. Eta, hogeitabost bat tabernekin ere adostu zen ekimena.
Jendea, triki poteorako elkartu bezain pronto eta inongo abisurik eman edo zer zen galdetu gabe, ertzainek Picasso kalean zeuden guztien kontra kargatu zuten.

Utzi Gernika bakean!
Hau guztiagatik, Ertzaintzaren jarrera salatzen dugu: jaietako edozein egunetan bezala, jendez gainezka zegoen kalean, hamaikatxo zauritu eragin zuten. Gizon bat Arrieneko eskaileretatik behera bota izana edo 14 urteko gazte bati emandako jipoia adibide gisa har ditzakegu. Gainera, lau pertsona biolentziaz atxilotu zituzten, terrorismo delitua egotzita, honek suposatzen duen guztiarekin.
Argi utzi nahi dugu, debekatutako kalejira ez zela egin, ezta saiatu ere, hainbat komunikabidek adierazi izan dutenaren kontra.
Lotsa eta amorrua sentitzen dugu; lotsa, Gernikan ordu betez bizi behar izan genuen ikuskizunarengatik; eta amorrua, egin dutena egiteko inpunidade osoz jokatzen dutelako .
Urrun dauden senide eta lagunak, modu sinbolikoan bada ere, herriko jaietan gurekin egon daitezen egindako triki poteoa elkartasun adierazpen bat da. Ez da delitua.
Elkartasuna ezin da delitua izan. Adierazpen askatasuna ezin dute agintariek, poliziaren bidez mugatu edota ukatu.
Utzi herria bakean, San Roke egunekoa ezin daiteke errepikatu.
Gertaeren argazki, bideo edo testimonioak badauzkazu, bidali hona: sanroke2009@gmail.com
Iturria: Koska irratia

Ehun egun baino gehiagoz desagertuta dabilen Jon Anza ETAko kide donostiarra non dagoen galdetzen zuen pankarta kendu arazi du gaur goizean Ertzaintzak Portu Zaharreko jai gunean. Koska irratiak jakinarazi duenez, goizeko bederatzietan sartu dira polizia autonomikoak txosna gunera eta Anzari buruzko pankartarekin batera, hainbat kartel apurtzea eta portuko murruan zeuden graffitiak ezabatzea agindu diete langile batzuei, eskolta ematen zieten bitartean. Zentsuratutako afitxen artean euskal presoen aldekoak, sakabanaketaren aurkakoak, Anzagatik eta Sarkozyren arduragatik galdetzen zutenak, EAJri txosnak bakean uzteko eskatzen ziotenak, edota eraso sexisten kontrakoak zeuden. Horrezaz gain, atzo herriko gazteek hirugarren saiakera batean muntatu eta gauez gozatu zuten txosna desmuntatu eta oholak, paleak eta xaflak kamioi batean eraman dituzte. Operatiboan lau patruila-autok eta dozena bat ertzainek parte hartu dute, haietako batzuk kalez jantzita eta besteak aurpegia estalita eta istiluen aurkako materialaz eta balen aurkako txalekoz hornituta. Inguruan ez da liskarrik sortu. Argazkian, gaur goizeko operazioaren une bat / Koska irratia. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
Bestalde, atzo gazte txosnak, jai batzordeko ostatuak eta beste txosna guztiek zerbitzatzeari utzi zioten gaueko 12etan, jai batzordean aritzen diren hainbat kolektibori Getxoko Udalak txosna ukatu izana salatzeko. Hamabost minutuz, bafleetatik soinu deia (mp3) eta karaokea (espainolez, mp3) zabaldu zituzten txosneroek.
Herri bakoitzak baditu bere berezitasunak, eta hala agertzen dira bestetan ere. Hala ere, nabarmentzekoa da hortan Etxarri Aranazko kasua; bertan, behin bestak amaituta, “Inutilan Egune” antolatzen dute gazteek, garai batean militarren ejertzitora joateko gai ez zirela eta soldaduxka egin gabe gelditzen zirenen omenez. Izan ere, horiek ziren soldaduxka egitetik libratzen ziren bakarrak, bertze lekuetara joaten zirenak -Ameriketara gehienetan- kontutan hartu gabe, eta etxarriarrek omenaldia zor zaiela erabakita, duela hogei bat urtetik hona antolatzen dute egun xelebre hau. Soldaduxka edo ez, Inutilan Egune indar armatuen gaineko parodia ederra bihurtzen da, eta atzokoan ere ikuskizun berezia sortu zuten Etxarri Aranazko karriketan. Zirrara sortzen zuen herria Guardia Zibilez edo militarrez jantzitako gazteek “okupaturik” ikusteak, ikur espainolak eta militarrak nagusi zirelarik. “Patrol” ibilgailu haundietan nahiz motoziklo ttikietan, harat honat ibili ziren, foruzainena egiten zuten gorriz jantzitako gazteekin elkarturik. Plastikozko eskopetak eta petardoak eskuetan, hiru puntatako Guardia Zibilen txapela buruan, iskanbila haundia sortu zen bazkalondoan egin zuten kalejiran. Foruzainen presentzia ere nabarmena zen: “UPNren txakurrak” zirela azaltzen zen Nafarroako Gobernuaren zeinuak zituzten Land Rover zaharrean eta Ford Fiesta zaharrean. Ongi landuta zeuden ibilgailuak, polizia indar horrek erabiltzen dituenak irudikatuz. Hori bai, egiazkoen aldean ezberdintasuna nabarmena zen: Besta giroan, “Jaiak” txarangarekin dantzan eta ibilgailuen atzealdeak edari freskagarriz beterik, parranda betean ibili ziren gazte etxarriarrak. Horien atzetik herriko haurrak nahiz zenbait heldu ere ibili ziren kalejiran, eta igarotzen ziren etxeetan ikusmira sortu zuten bizilagunen artean.

Herria lasai-lasai zegoen atzokoan, behin bestak amaitutzat emanda, baina gazteak iragaten ziren karriketan ez zen lasaitasunik. Ohi bezala goizean egin zen pregoi irakurketarekin hasi zen “Inutilan Eguna”. Gosaltzera bildu ziren ondotik, eta ibilgailuetan harat hona ikusi ahal ziren arren, eguerdira arte ez ziren herriko plazan bildu. Une hortan foruzain itxurako txorimaloekin “apaindu” ziren plazako zuhaitzak, zinez ikuskizun xelebrea sortuz. Plaza gisa hortan utzita bazkaltzera joan ziren gazteak, eta bazkalondoan txarangarekin atera ziren berriz ere plazara, oraindik dantzarako gogoak erakutsiz, gazteentzat bestak ez baitziren ostegunean amaitu. Kalejiran atera ziren ondotik, zalaparta haundian, eta bitartean kioskoan kontzertua prestatzen zeuden teknikariak ikusita, bestak gauean ere luzatzeko itxura zuen.
(nafarroan.com)
Lizarrako Garean euskal elkarteak bestetan egunero-egunero antolatu ditu saio ezberdinak Santiago Plazan. Arratsaldetan izan dira, bigantxek Alde Zaharra gurutzatu baino lehenxeago, eta gaurkoan, sokatira antolatuta zegoen. Hitzordua baino pixkat lehenago ekaitza hasi da eta izugarrizko euri erauntsia bota du Lizarran; Santiago Plaza gurutzatzear zen fanfarrea hasi eta berehala ixildu da, aterpea bila lasterka atera baitira musikariak eta plaza hortan dagoen Lizarra Ikastolako txosnan ere larri gorde dira euripetik bertan tragoa hartzen edo pintxoren bat jaten zeuden bestazaleak. Plazako eskina batean, arkupeetan, prestatu da gaurko “Jai Alai” saioa. Bozgorailuetatik trikiti doinuak ozen hasi dira entzuten, bertatik pasatzen zirenak dantzan jarri dituelarik, eta horrela iragarri da hastear zen saioa. Aurten “Jai Alai”rako espreski prestatu dute doinu bat, eta horrek iragarri ditu egunero saioaren hasierak eta amaierak. Iñigo Osinaga izan da konposatzailea eta ekoizlea, eta Aitor Irazustabarrenak egin du bertsoa, Amaia del Campok eman dio trikiti doinua eta Rodrigo aritu da txalapartari.
Saioa plazan egin ohi duten arren, soka arkupeetan luzatu dute gaur, eta antolatzaileek baieztatu duten moduan, “euria ez da eragozpena izan” antolatutakoa burutzeko. Haurrak eta helduak, elkarrekin aritu dira soka-tiran, eta ondotik lehia ezberdinduak egin dira; ttikienak saio batzuetan eta helduak bertzeetan. Bigantxak ikusteko jendea taulen atzean biltzen hasia zenean eman zaio amaiera soka-tira saioari, eta aurtengoz bukatutzat eman da Lizarrako bestetako “Jai Alaia”.
Aipatu bezala, egunero antolatu dituzte hainbat ikuskizun eta joko. Joan den ostegunean, uztailaren 30ean, hasi ziren, aldi hartan Foru Plazan egin zelarik “Jai Alai”. Asier Lafuentek eta Luisfer Etxeberriak osatutako “Kulki” taldeak Arrantzaleen Jolasak antolatu zituzten Lizarran, euren jarduera tradiziozko lanbideei lotutako jolasak plazaratzea baita. Larunbatean, “Lizarra Kantuz” burutu zen Alde Zaharreko karriketan barna, eguerdian. Arratsaldean berriz, Laia lasterketa ikusgarria egin zuten Santiago Plazan; baratzetako lurretan ez, baina plazako harrizko zoruan lehiatu behar izan zuten parte-hartzaileek! Igandean, dantzatzeko aukera eskaini zen “Jai Alaiekin”: Jauziak deituriko dantzak burutu ziren, nahi zuen guztiak parte-hartu ahal izan zuelarik. Astelehenean jokoari egin zitzaion lekua, “karba eta toka” jolasekin. Lehenengoan harri kozkorrekin eman behar zitzaion aitzinean jarritako burnizko zutabeari, eta bigarrenean berriz, burnizko xafla batekin. Atzo ere, asteartean, jokoan segitu zuen, hain ezaguna den “arraultze jokoarekin”, hain zuzen ere: Trebeenek xuxen-xuxen eraman zuten arraultzea hortzekin estututako koilaran.
Garean elkarteak bezala, Ikastolak ere ekarpen haundia egiten du bestetan ere euskaraz gozatu ahal izateko. Goizetan salda eskaintzeaz gainera, egunean zehar jan-edanak banatzen dira Santiago Plazako txosnan, eta mahaiak ere jartzen dira bertan otorduak egiteko. Gaurkoan ere, euri zaparradak dena hondatuko zuela ematen zuen arren, bueltaka-bueltaka ari ziren erretzen afaritarako oilaskoak, eta iluntzean mahaiak prestatzen ari ziren. Afalondoa animatzeko, gaurkoan Modesto “orkestra gizona” gonbidatua zuten Ikastolakoek.
Emakumeak ere, kalera bestaz gozatzera!
Ilunabarrean San Andres peñaren egoitzatik kalejira berezia atera da Lizarran: Nesken fanfarreak jarri du musika, eta haren atzetik adin ezberdinetako emakumeak abiatu dira Alde Zaharreko karriketara. “Berdintasunaren aldeko” kalejira izan, bestetan ere emakumeek berdintasunean gozatzeko eskubidea aldarrikatuz. Izan ere, etxeko-lanak, zaintzak eta aisialdia gizonek eta emakumeek modu berean elkarbanatzeko beharra mahai gaineratzen da herriko jaiak bezalako ospakizunetan, eta hori ikustarazi dute gaur Lizarrako emakumeek. Udaletxearen aitzinetik pasatuz Foruen Plazaraino joan da kalejira, eta handik Nabarreria aldera jo du, aldapan gora La Bota peñaren egoitzan amaitzeko. Lizarran ikusten ohituak gauden bi peñen fanfarreetatik ezberdin, neska gazteak eta emakumeak izan dira kalejira honen protagonistak.
Gazte bat atxilotua
Atzo, asteartea, gazteek euren eguna ospatu zuten Lizarran, baina arratsaldean besta zapuztua ikusi zuten, poliziaren interbentzioa eman zenean. Istiluak sortu zituzten poliziek, eta azkenean gazte bat atxilotuta eraman zuten. Gaur oraindik polizien esku segitzen zuen gazteak. Lizarrako karrikak atxiloketaren berri ematen zuten kartelez josiak zeuden, eta horietan “Alde Hemendik!” aldarrikatzen zen, polizia-indarrekiko gaitzespena agertuz.
Atzokoan gazte mugimenduaren 30. urteurrena ospatzen ari ziren gazteak. Batukada batek lagunduta kalejiran zebiltzala eten omen zuten poliziek besta-giroa. Pankarta bat zeraman gazte bat atxilotzen saiatu omen ziren, baina herritarrak tartean sartu zirenean alde egin ahal izan zuen honek. Aldiz, une batzuk beranduago bertze gazte bat eraman zuten poliziek, nahiz eta kalejiran parte-hartu zuen ere ez zegoen argi. Lizarran salatu zutenez, “norbait eraman beharrez” atxilotu zuten gazte hau.
NOTA DE PRENSA DE LAS PEÑAS ARMONIA TXANTREANA Y SAN FERMIN ANTE LAS DECLARACIONES DEL ALCALDE EN FUNCIONES SANCHEZ DE MUNIAIN:
-EL OBJETIVO DE LAS PEÑAS ARMONIA TXANTREANA Y SAN FERMIN ES EXTENDER NUESTRA CULTURA Y REALIZAR ACTIVIDADES LÚDICAS Y CULTURALES EN NUESTROS RESPECTIVOS BARRIOS; TXANTREA Y ARROSADIA.
-AL IGUAL QUE REALIZAN EL RESTO DE LAS PEÑAS DE NUESTRA CIUDAD, OTRO DE NUESTROS OBJETIVOS FUNDAMENTALES ES TRABAJAR EN PRO DE UNOS SANFERMINES POPULARES, PARTICIPATIVOS Y AL ALCANCE DE TODOS.
-RECHAZAMOS FRONTALMENTE LAS ACUSACIONES VERTIDAS `POR EL ALCALDE EN FUNCIONES, SR. SANCHEZ DE MUNIAIN, YA QUE A NUESTRO JUICIO HAY UN INTENTO CLARO DE CRIMINALIZAR A LAS PEÑAS DE PAMPLONA Y A TODO LO QUE REPRESENTAN. QUEREMOS DESTACAR QUE NUESTROS ABOGADOS ESTÁN ESTUDIANDO LAS DECLARACIONES DEL SR. SANCHEZ MUNIAIN POR SI ESTAS FUERAN CONSTITUTIVAS DE UN DELITO DE OFENSAS.
-EN CUALQUIER CASO APELAMOS AL DERECHO A LA LIBERTAD DE EXPRESION, COMO DERECHO COLECTIVO QUE NO PUEDE SER VULNERADO POR EL AYUNTAMIENTO DE PAMPLONA.
Pamplona, 28 de julio de 2009/ Iruñea,, 2009 uztailak 28
GURE BI PEÑEN, SAN FERMIN ZEIN ARMONIA TXANTREANAREN, HELBURU BAKARRA KULTURA ZABALTZEA ETA ALDI BEREAN GURE AUZOETAN IHARDUERAK ABIAN JARTZEA DA.
GURE HIRIKO BESTE PEÑEK EGITEN DUTEN MODUAN GURE EGINKIZUN NAGUSIA GUZTIONTZAT ATTSEGINAK ETA HERRIKOIAK DIREN SANFERMINAK ANTOLATZEA DA.
IRMOTASUNEZ ERREFUSATU NAHI DITUGU SANCHEZ DE MUNIAIN JAUNAK EGINDAKO ADIERAZPENAK NON GURE KRIMINALIZAZIOA BILATZEN DUTEN. PEÑAK ETA PEÑEK ORDEZKATZEN DUTENA BAZTERTU NAHI DUTE ETA HORRETARAKO EDOZEIN GAUZAK BALIO DU. HAATIK, GURE ABOKATUEK LANEAN DIHARDUTE ZINEGOTZI HORREK EGINDAKO ADIERAZPENAK EPAITEGIETARA ERAMATEKO MODUKOAK OTE DIREN.
ADIERAZPEN ASKATASUNAREN ALDEKO ALDARRI BAT LUZATU NAHI DUGU ETA ESKUBIDE HORI, UDALETXEAK ERE ERRESPETATU NAHI DU.

Iturria: ukberri.net
Ertzaintzak bi emakume gazte algortar atxilotu zituen atzo, igandea, Santutxuko jaietan, soinean presoen aldeko pegatina bana eramateagatik. Gainera, terrorismoa goratu izana leporatu die. Lekuko bakanen arabera, gertaera goizeko 10ak aldera jazo zen Iturriaga kalean, herriko tabernaren parean. Une horretan, osasun-langileek pertsona bat zelan artatzen zuten ikuskatzen ari zen ertzain talde bat. Gazteak paretik pasatu zirenean, gelditzeko eta soinekoan zeramatzaten Santutxuko presoen aldeko pegatinak kentzeko agindua eman zieten poliziek. Emakumeek uko egin zioten horri eta identifikazioa eskatu zietenean gainean ez zeramatela esan zieten ertzainei. Orduan “era zatarrean” atxilotu eta Deustuko ertzain-etxera eraman zituzten biak. Bertan, biluztu, gorputza arakatu, eta hatz-markak eta argazkiak atera zizkieten. Ondoren, terrorismoa goratu izana eta desobedientzia larria leporatu zizkieten. Era berean, haien auzia politikoki baliatuko zutela mehatxatu zieten: “hamar urte jango dituzue, zigor zentzagarria izan dadin”, esan zien atxiloketan parte hartu zien ertzainetariko batek. Gazteak egun berean, arratsaldean, gelditu ziren askatasunean. Argazkian, artxiboko irudi bat.
Bestalde, defentsako iturrien arabera, Deustuko ertzain-etxeko poliziek gazteak presionatu zituzten hainbat eskubideri ukatzeko, tartean arreta medikua izateko, euskaraz aritzeko, abokatu euskaldun eta konfiantzakoa izateko edota haien aurkako atestatuaren kopia izateko. Kasu guztietan oztopo eta trabekin mehatxu egin zieten, ziegan gaua emango zutela kasu.

Iturria: ukberri.net
Presoen aldeko eta bestelako mezuak zituzten pankartak eta pintaketak kendu dituzte egunotan jaietan dagoen Sopelako Larrabasterra auzotik. Ezabaketak Sopelako Udalak kontratatzen duen Cespa enpresak egin ditu, beti ere Ertzaintzak eskolta emanda. Hainbat lekukok UKBERRI.NETi adierazi diotenez, asteazken goizean ertzain batzuk sartu ziren Larrabasterrako txosnagunera eta inguruak eta zabalik zeuden txosnak zelatatzen ibili ziren. Ostiral goizaldeko 00:30ak aldera, berriz, Carlos Garrido preso ohia kaleratu zeneko bi pintaketa ezabatu zituzten ondoko errepidetik. “Euskal presoak etxera” eta “Ongi etorri Carlos” zioten aipatu mezuek. Lekukoek adierazi dutenez, errepidean trafiko arina zebilen arren langileak eta ertzainak segurtasun jantzirik eta argirik gabe zeuden. Bestalde, txosnagunean bertan, ostiral goizean kendu zituzten hainbat pankarta, tartean euskal presoen, gazte mugimenduaren eta “atzoko eta gaurko gudarien” aldekoak. Era berean, “espekulazioa” erabiltzeagatik “EAJ, Eskerrik asco” ironikoki “zoriontzen” zuen pankarta ere eraman zuten Cespako langileek eta ertzainek. Argazkian, Cespa garbiketa enpresako langile bat 2008ko martxoaren 9an, Espainiako hauteskundeak bururatzen ziren egunean, boikotera deitzen duen pegatina bat kentzen Itzubaltzeta / Romon.



