Tag-Archive for » altsasu «

Estali nahi badute ere presoak gogoan izan dituzte Altsasuko jaietan

Presoak gogoan jaietanAltsasuko Jaiak hasi dira, inoiz baino lehenago, gainera. Izan ere aurten jaiak ohikoa den 13an hasi beharrean ostegunez hasi baitira, hilaren 10ean. Lehenengo eguna jairako ez ezik gure artean ez daudenak gogoratzeko izan ohi da, baina urte honetan ez dute baimendu txoznetan Sakanako presoen argazkiak jartzea. Hori dela eta argazki erraldoiak itsasi ziren herriko hainbat lekutan, presoen aldeko brindisa egin aurretik. Ondoren herri bazkari bat ere egin zen Iortian dagoen herri-karpan.

Baina gauean jaia egin dutenek gaur ez dituzte argazkiak ikusi, izan ere goizean goiz udaleko langileek argazkiak kendu eta hainbat margoketa ere ezabatu dituzte. Euren argudioa poliziak kendu ezean sartuko zirela. Baina hori ez da izan sorpresa bakarra: udalak jarritako ikurrinak ere desagertu dira, Nafarroako banderak baino ez dituztelarik utzi herriko faroletan.

Nafarroa Baik ez du oraindik argitu zergatik kendu dituzten argazkiak ez zein izan den ikurriñak kentzeko arrazoia, baina horrela Altsasuko euskalduntasuna eta presoen oroitzapenarekin bukatuko dutela uste badute jai dute!

San Juan gaua berezia da Altsasun

Ziurrenik munduko leku askotan bezala, baita Euskal Herriko beste askotan bezala, berezia da San Juan gaua Altsasun.  Ohitura zaharrak oraindik bizirik diraute, nahiz eta gaurkotasunez bustitzen diren. Eta Pirinioen bi aldeetan dantza egiten duen herritarrak garenez, martxa eta borroka oso ondo uztartzen dira atzo bezalako gauetan.

San Juan sua egiteko beharrezkoa den guztia, prest

San Juan sua egiteko beharrezkoa den guztia, prest

Lehenik eta behin esan beharra dago Altsasun badagoela San Juan izeneko baseliza bat, eta bertara doan kaleak ere izen bera duela. Beraz auzo horretan jaiak izaten dira eta giroa egon ohi da kalean. Udala aspalditik tematua dago “Alma Latina, Alma Navarra” izeneko orkresta kontratatzearekin, baina gutxienez jendea biltzen du jotak eta salsa entzuteko.

Udaletxetik San Juan baselizara hautetsi guztiek egiten duten bidearekin hasten da programazio ofiziala. Txistu hotsarekin mezetara joan ohi dira. Aurtengoan Ezker Batuko zinegotziak uko egin dio joateari bizkartzain guztiak joaten baziren eta, beraz, ez da agertu. EAE-ANVko hiru zinegotziak bai, horiek joan dira, baina mezara sartu beharren abortuaren aldeko leloak eraman dituzte bertaraino.

Ondoren baselizaren aurrean dagoen egur-pilari sua ematen zaio eta herriko jai guztietan bezala ardoa eskaintzen da zilarrezko tazikatan. Aurten muztioa banatzea ere erabaki dute, modernidadean sartuak omen garelako. Eta ondoren zinegotziak berriro bueltan plazaraino doaz, non berriro ere ardoa banatzen den.

Non da Jon galdetu diete zinegotziei.

Non da Jon galdetu diete zinegotziei.

Bertan sorpresa bikaina izan dute, hala ere! Jon Anza euskal militantea non den galdegin diete PSOEko kideei (baita UPNko zinegotziari ere!). Tentsio une batzuk bizi eta gero han joan dira PSOEko zinegotziak euren etxeetara,  plaza libre utziz.  Eta jada su gehienak piztuta afaltzera joan da jendea. Afaririk jendetsuena Gaztetxean bertan izan da, presoen aldekoa, baina han-hemenka baziren kalea erabiltzeko prest zeudenak. Eta kalea denona denez, taberna kanpoan zeuden su ezberdinetan saltoka ibili gara, gaueko ordu txikiak arte.

Goiza ere berezia da Altsasun. Hasteko urte berria iratxeekin jasotzen da, etxeko ateetan. Batzuk ere mendira joaten dira bezperan eguzkilore bat hartu eta etxeko atean jartzeko. Hau hurrengo urterarte mantendu behar da bertan. Badira sendabelarrak hartzera doazenak ere, baina horiek ez dira oso ezagunak. Aurten hala ere ohitura zahar bat galdu da: auroroena. Normalki goizeko 2-3ak aldera gitarrak hartu eta etxez-etxe joan ohi dira abesten, jendea esnatuz. Aurten jende gutxi bildu zen eta pare bat taldetxo baino ez. Hori bai, gogotsu ibili ziren!

San Juan suen gainean saltoka ibili ziren batzuk, baita suak txikiak zirenean ere.

San Juan suen gainean saltoka ibili ziren batzuk, baita suak txikiak zirenean ere.

Eta azkeneko ohitura egunak nola argitzen duen sentitu duenak baino ezin du ikusi. Gustoko pertsonari lizar bat jartzen zaio atean edo balkoian. Eta norbait kritikatu nahi baduzu makal bat ere jarri ahal diozu. Azkeneko hau jende gutxik egiten du, noski… eta idazten dizuen matxingaizto honek ez daki iaz bezala udaletxeak 4 pisuko makal bat izan ote duen goizean. Galdetu beharko!

Jaia ez da hor bukatzen hala ere. Gaurko egunez plazan afaltzeko ohitura dago, nahiz eta bezperan baino goizago egiten den, ia-ia arratsaldean. Dantzak eta ardorik ere ez dira faltako!

  • #jaiak09

  • Egutegia

    September 2010
    M T W T F S S
    « Oct    
     12345
    6789101112
    13141516171819
    20212223242526
    27282930