Tag-Archive for » sakana «
Altsasuko Jaiak hasi dira, inoiz baino lehenago, gainera. Izan ere aurten jaiak ohikoa den 13an hasi beharrean ostegunez hasi baitira, hilaren 10ean. Lehenengo eguna jairako ez ezik gure artean ez daudenak gogoratzeko izan ohi da, baina urte honetan ez dute baimendu txoznetan Sakanako presoen argazkiak jartzea. Hori dela eta argazki erraldoiak itsasi ziren herriko hainbat lekutan, presoen aldeko brindisa egin aurretik. Ondoren herri bazkari bat ere egin zen Iortian dagoen herri-karpan.
Baina gauean jaia egin dutenek gaur ez dituzte argazkiak ikusi, izan ere goizean goiz udaleko langileek argazkiak kendu eta hainbat margoketa ere ezabatu dituzte. Euren argudioa poliziak kendu ezean sartuko zirela. Baina hori ez da izan sorpresa bakarra: udalak jarritako ikurrinak ere desagertu dira, Nafarroako banderak baino ez dituztelarik utzi herriko faroletan.
Nafarroa Baik ez du oraindik argitu zergatik kendu dituzten argazkiak ez zein izan den ikurriñak kentzeko arrazoia, baina horrela Altsasuko euskalduntasuna eta presoen oroitzapenarekin bukatuko dutela uste badute jai dute!
Herri bakoitzak baditu bere berezitasunak, eta hala agertzen dira bestetan ere. Hala ere, nabarmentzekoa da hortan Etxarri Aranazko kasua; bertan, behin bestak amaituta, “Inutilan Egune” antolatzen dute gazteek, garai batean militarren ejertzitora joateko gai ez zirela eta soldaduxka egin gabe gelditzen zirenen omenez. Izan ere, horiek ziren soldaduxka egitetik libratzen ziren bakarrak, bertze lekuetara joaten zirenak -Ameriketara gehienetan- kontutan hartu gabe, eta etxarriarrek omenaldia zor zaiela erabakita, duela hogei bat urtetik hona antolatzen dute egun xelebre hau. Soldaduxka edo ez, Inutilan Egune indar armatuen gaineko parodia ederra bihurtzen da, eta atzokoan ere ikuskizun berezia sortu zuten Etxarri Aranazko karriketan. Zirrara sortzen zuen herria Guardia Zibilez edo militarrez jantzitako gazteek “okupaturik” ikusteak, ikur espainolak eta militarrak nagusi zirelarik. “Patrol” ibilgailu haundietan nahiz motoziklo ttikietan, harat honat ibili ziren, foruzainena egiten zuten gorriz jantzitako gazteekin elkarturik. Plastikozko eskopetak eta petardoak eskuetan, hiru puntatako Guardia Zibilen txapela buruan, iskanbila haundia sortu zen bazkalondoan egin zuten kalejiran. Foruzainen presentzia ere nabarmena zen: “UPNren txakurrak” zirela azaltzen zen Nafarroako Gobernuaren zeinuak zituzten Land Rover zaharrean eta Ford Fiesta zaharrean. Ongi landuta zeuden ibilgailuak, polizia indar horrek erabiltzen dituenak irudikatuz. Hori bai, egiazkoen aldean ezberdintasuna nabarmena zen: Besta giroan, “Jaiak” txarangarekin dantzan eta ibilgailuen atzealdeak edari freskagarriz beterik, parranda betean ibili ziren gazte etxarriarrak. Horien atzetik herriko haurrak nahiz zenbait heldu ere ibili ziren kalejiran, eta igarotzen ziren etxeetan ikusmira sortu zuten bizilagunen artean.

Herria lasai-lasai zegoen atzokoan, behin bestak amaitutzat emanda, baina gazteak iragaten ziren karriketan ez zen lasaitasunik. Ohi bezala goizean egin zen pregoi irakurketarekin hasi zen “Inutilan Eguna”. Gosaltzera bildu ziren ondotik, eta ibilgailuetan harat hona ikusi ahal ziren arren, eguerdira arte ez ziren herriko plazan bildu. Une hortan foruzain itxurako txorimaloekin “apaindu” ziren plazako zuhaitzak, zinez ikuskizun xelebrea sortuz. Plaza gisa hortan utzita bazkaltzera joan ziren gazteak, eta bazkalondoan txarangarekin atera ziren berriz ere plazara, oraindik dantzarako gogoak erakutsiz, gazteentzat bestak ez baitziren ostegunean amaitu. Kalejiran atera ziren ondotik, zalaparta haundian, eta bitartean kioskoan kontzertua prestatzen zeuden teknikariak ikusita, bestak gauean ere luzatzeko itxura zuen.
Datorren ostiralean hasten dira Bakaikuko festak. Urtero bezala herri mugimenduak hainbat ekimen antolatu ditu bertan:

Bakikuko Festetako herri kartela
EGITARAUA
UZTAILAK 24, OSTIRALA – Amnistiaren aldeko eguna
20:00etan Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko BRINDISA plazan.
22:00etan Amnistiaren aldeko AFARIA plazan.
04:00etan HERRI OLINPIADAK plazan.
UZTAILAK 25, LARUNBATA – Gazte eguna
18:00etan OKAren JOKOA eskolen aurreko parkean. Egin zure taldea eta parte hartu! Apuntatu ohiko lekuetan.
19:30ean AHT(Abiadura Handiko Trena)aren aurkako KALEJIRA.
22:00etan Gazte AFARIA plazan.
01:00etan MANIFESTAZIOA: Independentziaren bidean. Aldaketa politiko eta soziala. Udaletxe demokratikoa orain! Plazatik
UZTAILAK 26, IGANDEA
14:30etan Gazte BAZKARIA Aiztin.
18:30etan KALEJIRA herritik ”Orkresta” elektrotunarekin.
UZTAILAK 27, ASTELEHENA – Mozorro eguna
Arratsaldean MOZORRO EGUNA. Denok mozorrotzera!
20:00etan KONTZENTRAZIOA: Non dago Jon? Espainiar eta Frantziar estatuak terroristak! Plazan.
Bazkariko eta afarietako txartelak salgai daude oraindik. Animatu!
Antolatzaileak: Bakaikuko Gazte Asanblada, Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Ezker Abertzalea.


